ApEg 5, 12-16
Ag 1, 9-11a.12-13.17-19
Jn 20, 19-31
HOMILIA
Senideok: Pazko pozean bizi da Eleiza osoa, eta pazko-poz horretara egiten deusku dei bere seme-alaba guztioi. Bizi da Jauna. Hori baino gehiago oraindino: bizitzearen Jaun da eta aginte guztien giltza dauka.
Ozenki iragarri dau hori Agerpena liburuan Joan apostoluak, berak euki dauan ikuskizunaren barri emonez. Baina zer dinosku guri horrek? Hain gitxi!
Senideok: gutariko asko eta askori bost ardura deutso geroko bizitzak, berbizkundeak, Jainkoaren aintzak, eta Liturgian egunotan gauzarik zoragarrien lez aitatu eta ospatzen dan guztiak. Hori baino gehiago, senideok: ez dauke uste horretatik urteteko asmorik. Eta beste guztiok ere gaixo berberak kutsatuta egon geintekez, «bai, gero?» edo «bai, baina...» dinogula behin eta barriro geure ilunpean jarraituz, nork eroanik ez daukagula-ta, lehen danok batera ginoiazala-ta.
Hau etsipena, senideok! Horretan jarraituko ete dogu, Pazko jaiotan esaten eta ospatzen dogunaren kontra? Zer behar ete dogu, edo zer egin ete geike, pazko pozean sartzea gura izan ezkero?
Joanek turuta antzeko oihu ozena entzuten dau bere atzekaldetik jatorkola, eta itzuli, bueltatu, egin behar dau burua. Argi erakusten deusku honek, geure usteetan jarraitzen badogu, Jainkoagana bueltatzen ez bagara, ezin izango dogula jainko pozetan sartu. Eta zenbatek egin dauan beste poz-iturrien aukerea! Jainkoagandik ez dabe besterik itxaroten, aukeratu dabezan poz-iturrien atseginean ezelango traba barik jarraitzen lagundu deiela baino. Eta sinistuntzat dauke euren burua, hori Jainkoari eskatzen deutsoela-ta.
Bai, ba! Sinismen bizitza ez da erreza, eta gatxago egiten jaku egunotan, bakotxa bere aldetik, besteen ardura barik bizi izateko besteen beharrik ez daukagun egunotan. Gu ebanjelioko Tomasen antzekoak gara: ez gagoz taldean; bakotxak bere kaxa bizi dogu jainko zaletasuna, eta «Jauna ikusi dogu!» dinoskuenei «bai zera!» erantzuten deutsegu, sinisteak bizitz-aldatzea, geure norkerietatik urtenaz talderatzea eta beste gauza asko eskatuko deuskuzalako.
Lehenengo irakurgaiak esan deusku horrek eskatzen deuskuna zer dan: «Fededunak, alkar hartuta, Salomonen aterpean batzen ziran... herriak goratu egiten zituan... Jaunagan sinisten eben lagun barriak gero eta gehiago ugaritzen joiazan...» Zelan salatzen gaituan, senideok, lehenengo sinistun hareen bizikereak. Hareen arteko alkartasunak gaisoak osatzeko indarra eukan, eta sinismenera jendea erakartekoa. Gureak?
Eta ez uste izan apostoluei eta Jesusen beste ikasleei gauzak errez egin jakezanik. Jesusen biztuerea sinistea gatx egin jaken, ez bakarrik Tomasi, beste guztiei ere bai baino: andren gauzak eta ameskeriak zirala uste eben, eta argi dinoskue hori ebanjelioek. Baina beste hauxe ere badinoskue: Jainkoagana bihurtzeak alkartera eta alkartzera garoazala: Jaunaren izenean alkartzeak bere indarra daukala eta bere frutua emoten dauala; frutu hori salbamenerako lagunak irabaztea dala; eta lagunok, Jainko pozean bizi izango dirala, Jainkoa egunero goresten.
Zein asago (urrun) gagozan gu gaurko Liturgiak iragarten deuskun egoera honetatik, ezta, senideok? «Jauna ikusi dogu!» bildur barik autortu daian sinitarte bat behar dogu, inguruan daukaguzan eta geure barruan ere badaroagun Tomas dalakoak irabazteko.
Ipini daigun, ba, bakotxak beretik eskatzen jakuna, alkartzeko, gure ahalmenak-eta alkarren zerbitzuan jarteko, eta akatsak eta txarto eginak-eta damutasunez autortzeko, Jainkoak Berbiztuaren Espiritu bizi-emoileaz gidatu gaizan.